ARGITALPENAK.
Akademiak hiruhileko aldizkaria argitaratzen du. Lehendabizikoa zero zenbakiarekin
kaleratu zen, eta indarreko estatutuak jasotzen ditu. Gainera, 2004.
urteko ekitaldian zehar, Akademia abian jarri deneko urte horretan, 1, 2, 3
eta 4. aldizkariak plazaratu dira; eta, horietatik aparte, aldizkari berezi
bat argitaratu eta bertan jasotzen da Abokatuen Bazkune Txit Prestuko lokaletan
oinordetza-zuzenbidearen eraldaketari buruz egindako jardunaldia.
|
Zuzenbidearen Euskal Akademia sortu zen, Euskalerriaren
Adiskideen Elkarteko Biltzar Orokor Ez-ohikoak 2002. urteko azaroaren
29an egindako proposamenaren ondorioz. Proposamen hori aho batez onetsi
zen.
Nortasun juridikoarekin eratu zen, 2003. urteko
ekainaren 9an egiletsitako
eskrituraren bidez. Une horretan, bazkide sustatzaileek euren karguak
utzi zituzten eta lehenengo zuzendaritza-batza eratu zen.
HELBURUAK.
Estatutuetako 2. artikuluaren arabera, Akademiaren helburuetatik
bat da zientzia juridikoak, eta, bereziki,
euskal zuzenbidearekin zerikusia dutenak, aztertu, ikertu eta zabaltzea,
betiere abiaburu moduan hartuta Espainiako Konstituzioa, Euskal Autonomia
Erkidegoaren Estatutua, autonomia-erkidegoko eta foru-erakundeetako
organoek emandako arauak, doktrina juridikoa, aplikatzeko moduko jurisprudentzia,
eta indarrean dauden usadio eta ohitura tradizionalak.
Europako zuzenbidea lehentasuneko helburua da gure ikasketetan. Horregatik,
Europarentzako Konstituzio bat onartzen duen itunaren proposamena dela
medio, zuzendaritza-batzak aho bateko adierazpena egin zuen. Adierazpen
horri eutsiz, Akademiaren asmoa da, orobat, Europako erakundeak eta
zuzenbidea aztertzea eta beraren jarduera horretara zuzentzea.
BALIABIDEAK.
Helburu hori erdiesteko, Akademiak mota guztietako ikerketak,
jardunaldiak eta lan-saioak egin eta
sustatuko ditu, eta, hala denean, bere kideek
edo gizabanako, erakunde nahiz lan-taldeek lortutako lanak eta emaitzak
argitaratuko ditu, baldin eta horiek lagungarri gertatzen badira euskal
zuzenbidea hobeto ezagutu eta aplikatzeko (estatutuetako 2. artikuluaren
bigarren lerrokada).
AKADEMIAKO KIDEAK.
Akademia honen kide izan daitezke zuzenbideko lizentziadun
guztiak, baldin eta horretarako eskaria egiten
badiote zuzendaritza-batzari. Kideok eskubide guztiak izango dituzte,
euren eginbeharrak betetzen dituzten bitartean. Urteko kuota berrogeita
hamar eurokoa da.
AKADEMIAREN EGOITZA.
Bilbao Bizkaia Kutxak gure esku jarri du Bilboko
Errekalde zumardiaren zortzigarren zenbakian
dagoen lokal handi bat, eta bertan jarri da Akademiaren egoitza.
FINANTZAKETA.
Guztien ahaleginari esker, abian jarri da Akademia.
Erabakigarri gertatu da Bizkaiko Foru Aldundiak
emandako laguntza. Izan ere, aldundiak, 2004. urtean, gure jarduerak
finantzatu zituen, berrogeita hamar mila eurorekin. BBKren laguntza,
gure egoitza den lokala laga eta atonduz, nabarmentzekoa da orobat.
|